Errefuxiatuen etorrerak "azkartzeko" eskatu du Udal Gobernuak

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko eka. 20a, 12:09

Oñatiko udaletxea

Gaur, ekainak 20, Pertsona Errefuxiatuen Eguna da eta Oñatiko Udal Gobernuak adierazpen instituzionala egin du gai horri lotuta. Europan "pertsona errefuxiatuen eskubideak etengabe urratzen" ari direla dio agiriak eta "Espainiar Gobernua eta Europar Batasunaren jarrerak salatzeaz gain, pertsona migratzaile eta errefuxiatuen etorrerak oztopatzeari utzi eta euren etorrerak azkartu ditzaten" eskaria jasotzen du.

Hauxe da Oñatiko Udal Gobernuak, Errefuxiatuen Egunaren harira atera duen adierazpen instituzionala:

"2001. urtean Nazio Batuen Batzar Orokorrak ekainaren 20a pertsona errefuxiatuen egun bezala izendatu zuen. Nahiz eta urtero kontuan hartu beharreko data den, uste dugu gaur egungo egoerak erreflexio sakonago bat egitea behartzen gaituela.

Munduan 60 milioi errefuxiatu daude, gehienak Ekialde Hurbilean eta Afrika beltzean dute jatorria, baina mundu mailako drama humanitarioa da. Afganistan, Irak, Siria, Kurdistan, Sahara, Tibet... Herrialde eta eremu askotan dute jatorria errefuxiatuek. Egoera hauek guztiek komunean dutena, ordea, gatazka politiko-militar eta sozioekonomikoek eragindako mugimendu migratorioak dira. Inor ez da borondatez bere herrialdetik irteten.

Pertsona hauen egoera ez da gauetik goizera sortu. Europak eta mundu mailako potentzia handienek hamarkadetan hartutako erabakien ondorioa da. Europak, esaterako, nazioarteko legeria bihurritu eta giza eskubideen babesa bultzatuko lukeen jarrera humanistari eutsi beharrean, neurri polizial eta militarrak aktibatu ditu azken hilabeteetan.

Pertsona errefuxiatuen eskubideak urratzen ari dira etengabe Europan. Gezur handi baten aurrean gaude, Europa bi aurpegirekin jokatzen ari delako. Errefuxiatuen eskubideen babesle gisa agertu nahi du baina, aldi berean, errealitatea ezkutatu nahian dabil. Milaka gizon, emakume eta haur noraezean ari dira, estatu batetik bestera espulsatuak, internamendu zentroetan sartuak, bortxatuak, desagertaraziak, jipoituak, lapurtuak eta jazarriak... Eta hori guztia Europako estatuen babesarekin.

Arduragabekeria eta giza eskubideen urraketa horren aurrean, herritarrok, bakoitza bere eragin esparrutik, norberak eskura duen aukeraz baliatuta, errefuxiatuak diren pertsonei ongi etorria eman beharrean gaude, aitortza, erreparazioa eta laguntza eskainiz.

Nazioarteko harremanen bestelako antolaketa aldarrikatzea ezinbestekoa da, herrien eta herritarren eskubideak aintzat hartuko dituen bestelako mundua. Bestalde, belaunaldiz belaunaldi gerra eta erbestean ezagutu duen herri baten kideak garen heinean, elkartasuna gure balore eskalaren goikaldean kokatzen dugu.

Oñatiko Udal Gobernuak, Espainiar Gobernua eta Europar Batasunaren jarrerak salatzeaz gain,  pertsona migratzaile eta errefuxiatuen etorrerak oztopatzeari utzi eta euren etorrerak azkartu ditzaten eskatzen du.

Oñatiko Udal Gobernuak, ekainaren 20an ospatutzen den pertsona errefuxiatuen egunarekin bat egiten du eta eragileek gure hiri/herrian antolatu dituzten ekimeneekiko atxikimendua adierazten du".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak