08:00etan, elkartu dira hainbat irakasle eta guraso gaurko eguna prestatzen joateko, eta 10:00etan hasi dira Elkar Hezi ikastetxeko ospakizunak. Gune ezberdinetan banatuta; LHko eraikinean; tailerrak izan dituzte, Santa Marinako gunean, berriz, DBHko eta Batxilergoko ikasleentzat bizikletaz ibilbidea egin da…
Tailerretan; musika punkia-ren, anime-aren eta mangaren inguruko ikastaroak izan dituzte, besteak beste, eta mitologiarekin lotutako altxorraren bila ere egin dute. Batukada ere izan dute dantzarako, eta gosea egin ostean, bazkaltzera joan dira kiroldegira. Guztira, 500 lagun inguru batu dira bertan.
Dantzak eta orla banaketa
16:00etan, Lehen Hezkuntzakoek eta Haur Hezkuntzakoen dantzak izan dituzte, eta Batxilergoko ikasleek Elkar Heziko ibilbidea bukatuta dutela, orlak jaso dituzte, baina modu bitxian. Ismael Zubia eta Leire Barbero ikastetxeko komunikazio taldekoen esanetan: "Orla banaketa egin diegu Batxilergokoei umorez. Bertso bana abestuta beraien karikaturak eman dizkiegu".
Amaitzeko ikasleen rock-a
Ondoren, trikitilariak ere egon dira, eta ikasleen rock kontzertuez amaituko dute eguna. "Eguna oso ondo joan da eguraldia lagun izan ez arren, 19:30ak inguruan amaituko dugu egunarekin eta dena desmuntatzen hasiko gara. Hala ere, eguneko balorazio oso positiboa egiten dugu".