Trikitilariak lagun hartuta poteoan eginda hasiko dute eguna 12:30ean, eta ondoren, bazkaltzeko elkartuko dira Azoka Plazan. Arratsaldea girotuko die elektrotxarangak 18:00etan hasita, eta gero, 19:00etan, manifestazioa izango da aldarrikatzeko "guardia zibilak eta indar polizialak herritik alde egiteko". Bukatutakoan, ohi legez, ekintza nagusia egingo dute, eta ondoren jai giroak jarraituko du elektrotxarangaren laguntzarekin.
Eguna borobilduko dute kontzertuekin. 21:30ean hasita honako lau taldek jardungo dute oholtza gainean: Txipittu, Autobus Magikoa, Kolpatu eta Gaitzerdi.
Coviteren eskaera
Terrorismoaren biktimen elkarte den Covitek eskatu dio Eusko Jaurlaritzari Oñatiko kuartela babes dezala bihar "ezker abertzaleak egingo duen eskratxetik".