Uda sasoirako kontzertuak, antzezlana eta film emanaldia Kalean egitarauaren barruan sartu ditu beste behin Oñatiko Udalak. "Aurten ere saiatu gara diziplina ezberdinak sartzen udako kultura agendan. Herriko taldeen presentzia ere ere bermatu gura izan dugu eta euskararena eta emakumearena ere bai", adierazi du Nerea Zubiak, kultura zinegotziak.
Ekitaldi gehienak eguaztenetan izango dira aurten. "Horixe izango da, akaso, aldaketa handiena. Beti asteburuarekin lotzen ditugu horrelako ekitaldiak, baina edozein egunetan gozatu daiteke kulturaz eta proba hori egin gura dugu", adierazi du Nerea Zubiak. Tokiei buruz ere badago berritasun bat. Iaz Bidaurretan egin zuen bezala, aurten San Migel parrokiaren atarian egingo du Ganbarak emanaldia. Elektrotxarangaren kalejirak, bestalde, Esait-ek abuztuaren 2an Oñatin bukatuko duen mendi martxarekin bat egingo du.
Erakustaldia
Gaur, egubakoitza, da Kalean egitasmoko lehen kontzertua. Jose de Azpiazu musika eskolako ikasleen ikasturte bukaerako kontzertua izango da. "Musika estilo ezberdinak entzungo dira eta taldeka hartuko dute parte. Urte guztian ikasitakoaren erakustaldia izango da. Ea eguraldi ona egiten digun", dio Aitor Madinak, musika eskolako zuzendariak.
Egitarau osoa agendan dago sartuta.