Aridos Aloña enpresak kudeatzen du Arantzazuko harrobia eta handitzeko baimena eskatu dio Espainiako industria ministerioaren barruan dagoen meatzaritza sailari. Onartuz gero, Kortakogaineraino helduko litzateke, herri lurrak hartuz. Egoera zein den eta handitzeak zer esan gura duen azaltzeko, herritarrei zuzendutako bilera informatiboa egingo dute datorren astelehenean, hilak 20. 19:00etan izango da, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
"Arantzazuko harrobiaren handitze horrek ingurumen arloan eta hirigintza arloan ze ondorio izango lituzkeen azaltzeko, bi departamendu horietako teknikariak egongo dira bileran, Aitor Gerenabarrena eta Iñaki Landa. Eurek emango dituzte azalpenak", adierazi du Mikel Biain alkateak.
Aholku batzordea
Herriko hirigintza antolamendua lantzeko proiektua jarri du martxan Oñatiko Udalak eta aholku batzordea ere eratu da. Ekainaren 29an egingo du lehen bilera eratu berri den batzorde horrek eta harrobiaren handitzea izango da hizpide izango duten gaietako bat. Asteleheneko bileran emango dituzte gaiari buruzko xehetasunak.