"Irudi onarekin bukatu eta zaleei partidu onak eskaini, hori da gura duguna"

Leire Kortabarria 2016ko eka. 10a, 13:39
Txapelketan parte hartzen dabiltzan pilotariak.

Zapatuan gertatzen dena gertatuta ere, Herri Arteko pilota txapelketarako zituen helburuak soberan bete ditu dagoeneko herriko taldeak. Bihar, zapatua, kiroldegian 18:00etan hasiko dira hirugarren kanporaketako itzulerako partiduak, Astigarragaren aurka. 

Joanekoan esperotako emaitza izan zen eta 2-1 galdu zuten oñatiarrek. Josu Osa koordinatzaileak honako balorazio hau egiten du: "Aurrez esperotako zailtasuna zuten hango bikoteek, batez ere jubenil eta nagusi mailakoek, eta emaitzak horrekin bat etorri ziren. Lehen partiduan espero genituen aukerak, eta hala izan zen, irabazi egin genuen-eta (22-9); bigarren partiduan, maila handiko bikotea zuten eurek, baina espero baino tanto gutxiago egin genituen (22-7); eta nagusietan, jakitun ginen euren mailaz, nahiz eta emaitza guk gura baino deigarriagoa izan (22-2)". Bereziki kadete eta nagusietan erakutsitako mailaz da gustura Josu Osa.

Aukerak baliatu

Osak gaineratzen duenez, "kanporaketan, hanka eta erdi kanpoan" du herriko taldeak, "tanteoa oso aurka" duelako; baina honako hau gaineratzen du: "Ez dugu etsiko, eta gure aukera apurrak baliatzen saiatuko gara". Asmoa da "irudi onarekin bukatzea eta inguratzen diren zaleei partidu on batzuk eskaintzea".
Urte asko ziren, iaz arte, Oñati ez zela Herri Artekora aurkezten, ez zituelako nahikoa pilotari. Iaz nagusi mailako taldea osatzea lortu zuen eta aurkeztu egin zen, baina lehenengo kanporaketa ez zuen gainditu. Hortaz, oraingoan, hirugarrenera ailegatuta, pozik dago taldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak