Aloña Mendiko eskubaloi saila eta Euskal Eskubaloi Federazioak elkarrekin antolatutako ekitaldia da. "Guretzat ohorea izan da Elorzaren omenaldian parte hartzea. Aloñak egindako eskaera aintzat hartu genuen eta guztion ahaleginarekin posible izan da maila goreneko partidua Oñatin jokatzea", esan du federazioko presidente Jose Manuen Ruiz de Cenzano oñatiarrak.
Edukiera mugatua
Zubikoako kantxako sarrera doakoa izango da, baina federazioak antolatutako ekitaldia izanik, edukiera mugatua egongo da. Aloña Mendik pertsona bakoitzeko txartel bat banatuko du. Guztira, 582 egin ditu. "17:30ean eskola kirolaren azken jaia egingo dute. Ostean, kantxa hustu egingo dugu eta 19:00etan zabalduko ditugu ateak", esan dute antolatzaileek. Sarreran banatzen diren txartelen zenbakiekin Euskal Selekzioaren kamiseta bat zozketatuko dute.
Jokalari onenak
Egiptoko selekzioa jokalari onenekin dator EAEn jokatuko dituen hiru partiduetara. 23 urtez azpiko jokalari esanguratsuenei aurre egin ahal izateko, hamasei jokalari deitu ditu Hugo Sanchez, zuzendari teknikoak. Tartean dago, Aloñako jokalari Aitor Billar. "Talde indartsua osatu dute. Joko azkarra egingo duen taldea", diote.