Hamasei talde sortu dira Kilometroak 2017rako

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko eka. 10a, 08:37

1989an Oñatin egindako Kilometroak eguneko argazkia

Talderen batean izena eman gura duen herritarrak Txantxiku ikastolara joanda edo hara mezua bidalita egin dezake.

Oñatin ospatuko da Kilometroak festa datorren urtean eta Txantxiku Ikastola buru-belarri ari da dagoeneko hori antolatzen. Festak, gainera, berritasun nagusi bat izango du, data aldaketa. Urriko lehen domekan ospatu izan da beti jai hori, baina herriko jaiekin bat egingo lukeela-eta kezka sortu zitzaion bai udalari, baita ikastolari ere. "Egoera ondo aztertu ondoren erabaki dugu festa irailaren 24ra aurreratzea", adierazi du Zigor Ibartzabalek, Txantxiku Ikastolako zuzendariak. Ikastolen Federazioak ere onartu du data aldaketa. Hala, normalean baino astebete lehenago ospatuko da datorren urtean Kilometroak festa. Jai horrek data aldatzen duen lehen aldia izango da, gainera.

Taldeak

Jai hori antolatzeko, lantaldeak egin dituzte Txantxiku ikastolan. "Hamasei lantalde osatu ditugu, denetarikoak daude: komunikazioa, salmenta, ikuskizunak, protokoloa, prebentzioa, osasuna, zirkuitua, segurtasuna, erronka, gure zozketa... Taldeak osatzen eta buruak identifikatzen hasi gara. Lehen urratsak badira ere, oraingo antolaketa ondo egitea garrantzitsua da, urteko lanak ondo joan daitezen", adierazi du Zigor Ibartzabalek.

Antolaketan lagundu gura duten herritarrendako zerrenda zabalik dago oraindik. "Orain, lantaldeetan aritzeko izenak jasotzen ari gara, ez da egunean bertan lan egiteko txandetan izena emateko deialdia. Hau da, urtean zehar egingo diren bileretan parte hartu eta antolakuntza lanetan aritzeko deialdia da", argitu du Ibartzabalek. Talde batean edo bestean izena eman gura duenak ikastolara bertara joanda eman dezake izena; baita web orrian ere edo txantxiku@ikastola.eus helbidera mezua idatziz.

Esaldia eta irudia

2017ko Kilometroak festako leloa eta irudia ere ari da lantzen Txantxiku ikastola, "herriko talde eta pertsona ezberdinekin elkarlanean". Abestiaren letra eta doinuaren egileak eta zirkuitua aurrerago jakianarizko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak