Asiako liztorraren edo liztor beltzaren aurkako protokoloa indarrean jarri du Oñatiko Udalak udaltzaingoaren bitartez. Idoia Lazpita udaltzainburuak azaldu duen moduan, eurak arduratuko dira protokoloa gauzatzeaz eta herritarrei eskatu die habiaren bat ikusiz gero horren parte emateko eurei deituta.
Hamabost metro
Habiak txikiak direnean errazago kentzen dira eta tenis pilota bateko tamainako habia ikustean horren berri ematea inportantea da, "handiak kentzea askoz zailagoa" delako, udaltzaingoak bidalitako oharraren arabera.
Herritarrak habiaren abisua ematen duenean, gunera joango dira udaltzainak eta ze tamaina duen, non dagoen eta suntsitzeko ze baliabide behar diren aztertuko dute. Habia hamabost metro baino beherako baldin badago, udaltzainak eurak saiatuko dira kentzen, Tomas Sagasti Basolanak zerbitzuaren laguntzarekin. Altuago baldin badago, suhiltzaileei egingo diete dei, udalak ez duelako hamabost metro baino gorago heltzen den garabirik.
2016an, dagoeneko, tamaina txikiko bi kabi kendu dituzte, biak Errekalde auzoan; bata atari batean eta bestea balkoi batean. Horrelakorik ikusiz gero, herritarrek zenbaki hauetara deitu behar dute horren berri emateko: 943 08 10 00 (Oñatiko udaltzaingoa) edo 112 (larrialdiak).