Bertan izango dira Jorge Oteiza Fundazio-Museoko presidente Rafael Moneo, Jorge Oteiza Fundazio-Museoko zuzendari Gregorio Díaz Ereño eta argitalpenaren egile Txomin Badiola.
Jorge Oteizaren (1908-2003) eskultura-lanaren berrikuspen kritikoa eskaintzen duen argitalpenaren egile Txomin Badiolaren hitzetan, “Katalogo Arrazoituari ekin nionean, hasierako helburua bikoitza zen: alde batetik, obra osoaren bilduma egitea eta, bestetik, Oteiza artistaren konplexutasunarekiko begirunez jokatuko zuen egitura sortzea”. Horretarako obren katalogazioko informazio gordina (izena, katalogo-zenbakia, data, teknika eta materiala, neurriak, obra mota, inskripzioak, jabetza, kokapena eta jatorria) lanok Oteizaren bizipen prozesu biografikoaren, artistikoaren eta esperimentalaren baitan kokatzen dituen material diskurtsiboarekin osatu da. Horrez gain, argitalpenak dituen bi liburukietan Badiolaren saiakerak tartekatu dira Oteizaren obrak beren testuinguru historikoetan kokatzeko, eta beste zenbait artistarekin eta maila kontzeptualeko gaiekin harremanetan jartzeko.