Euskadi-Egipto eskubaloi partidua, Juan Carlos Elorzaren omenez

Mireia Bikuña 2016ko eka. 7a, 09:53

Aloña Mendik eta Euskal Eskubaloi Federazioak bat egin dute selekzioen arteko norgehiagoka antolatzeko. Egubakoitzean izango da, 19:30ean, Zubikoan. 16 jokalari deitu dituzte, eta tartean dago Aloñako Aitor Billar.

Aloña Mendi elkartea, eskubaloia eta kazetaritza ziren otsailaren 19an zendu zen Juan Carlos Elorzaren bizitzaren ardatz nagusiak. Bada, lehenengo biek bat egin dute eskubaloiaren eta Aloñaren alde egindako lana aitortzeko. Aloñak selekzioen arteko partidua eskatu zion federazioari, eta honek eskaera onartu zuen.

Aloñako jokalaria ere bai

23 urtez azpiko Euskadi eta Egipto izango dira nor baino nor gehiago Zubikoa kiroldegian. 16 jokalari deitu ditu federazioaren zuzendari teknikoak. Tartean egongo da Aloñako jokalari Aitor Billar. Azken urteetan Aloñak eta jokalariak egindako lanaren saria jasoko du. Ezusteko deia izan da oñatiarrarendako.

Egiptoko selekzioak hiru partidu jokatuko ditu: eguenean Trapagan, egubakoitzean Oñatin eta domekan Galdakaon.

Mahai ingurua

Eskubaloiaren alde egindako lana goraipatzeaz gain, kazetaritza munduan, emakumearen kirola bultzatzen egindako lana gogora ekarri zuten aurkezpen ekitaldian.

Kazetaritza figura hori azaltzeko mahai ingurua egingo dute, gaur, martitzena, Gara eta Egin egunkarietako lankide izan zituenetako batzuk: Iñaki Iriondok, Martin Garitanok, Mamen Sanzek, David Lazkanok eta Joxe Mari Uribarrik. Kultura etxean izango da, 19:00etan.

Teknifikazio jardunaldiak

Elorzari omenaldia borobiltzeko, teknifikazio jardunaldiak egingo dituzte egubakoitzean eta zapatuan, entrenatzaileendako, Euskal Eskubaloi Federazioaren eskutik. Harrobiko jokalariak izango dituzte hizpide. Unai Arrieta, Juan Antonio Moreno, Reyes Carrere, Miguel Angel Izquierdo eta Garikoitz Garagartza izango dira hizlariak

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak