Hainbat proba gainditzea izan da Gazteak Hegoaren Bila lehiaketako eginbeharra eta Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko parte-hartzaileak izan dira lehian. Azken proba maiatzaren 21ean pasa behar izan zuten, Gasteizen; osasun-arretarako sarbidearen gaineko hainbat froga gainditu behar izan zituzten pista ezberdinak lortu eta bukaerarako gunera iristeko.
Proba egin ondoren eman zituzten jakitera, Artium museoan, irabazleen izena eta lehen saria Gipuzkoako Inkarri taldearendako izan da; 28 urte dituen Leire Egaña irakasle oñatiarra da taldekideetako bat. Sariari esker Peru, Andeetako herrialdea, ezagutu eta Medicus Mundik bertan garatzen dituen garapen proiektuak ezagutzeko aukera izango dute Inkarriko kideek.
Bizkaitarrek eta arabarrek osatutako Galeanos taldeak bigarren saria lortu du eta 2.600€ko diru saria izango dute Estatu Espaniarrean elkartasun proiektu bat ezagutzeko.