Aloña Mendik Astigarragaren kontra jokatuko ditu Herriarteko finalerdiak

Mireia Bikuña 2016ko eka. 3a, 08:51

Gaur, egubakoitza, izango dituzte partiduak 19:30ean. Oñatiarrek badakit zaila izango dela hirugarren kanporaketa gainditzea, baina "gogotsu eta ilusioz" irtengo dira pilotalekura. Aukera gehiago izate aldera, kadete eta gazte mailetako bikoteetan aldaketak egin dituzte.

Aloña Mendiko pilota sailean ondo dabiltza lanean, eta azken urteotako lan hori hasi da emaitzak ematen. Eta, Herriarteko Txapelketan egiten dabiltzan bidea izan daiteke erakusle, inork aurreikusten ez bazuen ere txantxikuak dagoeneko finalerdietan daude-eta. Bidean Zumarraga eta Tolosa utzi dituzte, eta gaur (19:30) Astigarragaren kontra hasiko dute hirugarren kanporaketa, kanpoan. Josu Osak eta konpainiak ondo dakite hirugarren kanporaketako kontrarioa ez dela nolanahikoa, baina orain arte egindako ibilbideaz pozik, Aloña Mendikoek ez dute presiorik, eta txapelketaz gozatzen jarraitzeaz batera oraingoan ere lehiakorrak izan gura dute: "Zaila, oso zaila izango da. Astigarragak maila handiko bikoteak ditu. Pausu bat aurrerago dagoen taldea da. Kanporaketa honetan gutxi dugu galtzeko eta asko irabazteko".

Bikoteetan aldaketak


Zailtasun horren jakitun izanda, hainbat moldaketa egin dituzte bikoteetan. Kadete eta gazte mailako bikoteak ezberdinak izango dira. Aitor Tatiegik debuta egingo du kadete mailako aurrelari moduan. Harekin bikote egingo du Iñigo Perezek, atzelari moduan –aurreko bi kanporaketatan aurreko koadroetan jokatu du–. Bestalde, gazte mailako atzelaria Markel Gartzia izango da –orain arte kadete mailan jokatu duena– eta aurrelaria, Ander Biain. Senior mailako bikotean ez dago aldaketarik. "Beste maila bateko aurkariak ditugu, eta aurre egin ahal izateko gure bikoteak parekatu egin ditugu", dio Osak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak