Zirika Zirkus taldearen eskutik, Txarlestrup emanaldia izango da bihar, zapatua, 18:00etan, Oñatiko Foruen Enparantzan. Sarrera doan izango da.
Hainbat ikuskizun mota uztartzen dituen emanaldia da hau. Hain zuzen ere, antzerkia, zirkua, klakea, umorea eta musika zuzenean egiten dute berau osatzen duten lau kideek.
Hauek dira artistak: Oier Bravok klarinete-jotzailea; Luis Lainezek Washboard instrumentua jotzen du; Maribel Martinezek pianoa eta Ainhoa Juanizek Kontrabandoa.
Familiei eta haurrei zuzendutako ikuskizuna da, batez ere umorea lantzen da eta. Horrez gain, publikoaren parte hartzea ere sustatzen dute, modu jostagarri eta umoretsu batean.
Nabarmentzekoa da Asturiaseko Seten nazioarteko jaialdian kaleko ikuskizun onenaren izendapena jaso zuela Txarlestrup-ek, iaz.
Iaz Tren Geltokia
Zirika Zirkus hainbat emanaldi eskaintzen dituen taldea da eta horien artean biharkoa dago. Iaz, Tren Geltokia izeneko beste emanaldi bat eskaini zuten Oñatin, plazan bertan. Jende ugari bildu zela nabarmendu du Ainhoa Juaniz Zirikako kideak. "Jende asko bildu zen Oñatiko plazan eta oso sintonia ona sortu zen publikoarekin", azaldu du.
Juanizek herritar guztiei deia luzatu die biharko emanaldira gerturatzeko, guztien artean arratsalde eder bat pasako dutelakoan.
Azkenik, eguraldi txarra egingo balu, Santa Ana Antzokian izango litzateke emanaldia.