"Aloña Mendiko futbol saila lagunarte bat da, bigarren kuadrilla bat"

Eneko Azurmendi 2016ko mai. 26a, 22:28
Mikel Urkia, Endika Ruiz eta Asier Ugarte.

Asier Ugartek, Endika Ruizek eta Mikel Urkiak jokalari izateari utzi diote, eta Aloña Mendin futbolari gisa jokatu izana plazer handi bat izan dela onartu dute hiruek.

Arrazoi ezberdinak tarteko, hiru gazteek jokalari izateari uztea erabaki dute aurtengo denboraldi amaieran.

Aloña Mendirekiko iritzi antzekoa dute hiruek. "Futbola bigarren mailako gauza bat izan da talde honetan. Gehiago balio du taldekideekin daukazun harreman eta sintonia onak. Alde horretatik, asko eman dit Aloña Mendik", dio Urkiak.

Ugartek gaineratu du "betiko lagunez" gain, jende berria ezagutzea eta horiekin harreman onak egitea garrantzitsua izan dela berarendako. Ruizek ere bat egiten du horrekin. "Bigarren kuadrilla bat da Aloña Mendi, lagun talde bat gara", onartu du.

Jokatzen ez jarraitzeko erabakiari dagokionez, arrazoi ezberdinek eragin diete. "Ez naiz sekula izan minutu asko jokatzen dituen horietakoa. Gainera orain lanak denbora asko kentzen dit eta futbolari astean lau egun eskaintzeak ez dit konpentsatzen, niretako ere denbora behar dut", onartu du Urkiak.

Ugartek dio azken bi urteetan, laneko gorabeherak medio, motibazioa galdu duela entrenamentuetara joateko, nahiz eta gero partiduetan minutu asko eduki. "Gainera, jokalari gazteagoen hazkundean oztopo bat naizela iruditzen zait, minutu dezente jokatzen ditudala. Haiek ere merezi dute aukera bat", dio.

Ruizen kasua desberdina da. Izan ere, jokalari izateari utziko dio, baina Aloña Mendin bertan jarraituko du. "Entrenatzaile titulua ateratzen ari naiz. Beraz, jokalari izateari uzten diot, baina herriko taldean entrenatzaile moduan jarraitzea da nire asmoa, futbola beste perspektiba batetik ikustea", adierazi du.

Hemendik aurrera zer egingo duten galdetuta, Ugartek dio seguruaski lanean ez duela jarraituko eta "berarendako denbora" hartzea gustatuko litzaiokeela. "Ez dut aterik ixten. Aurrean daukadana disfrutatu nahi dut", onartu du.

Urkiak, berriz, patinetan ibiltzen ikasi gura du. "Beti ikasi nahi izan dut, eta orain denbora libre gehiago edukiko dudanez, momentua egokia da horri heltzeko", azaldu du.

Igor Serrano ere badoa

Entrenatzaile idiazabaldarrak ere, bi urtez Aloña Mendiko taldeko nagusia entrenatzen ibili ostean, aurten taldea utziko duela iragarri du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak