Botoa Txantxiku ikastolan eman ohi duten herritarrak Zubikoa kiroldegian emango dute datorren ekainaren 26an egingo diren hauteskundeetan.
Aldaketa honen arrazoia da Txantxiku ikastolan egin behar dituzten egokitze lanak. Proiektu pedagogiko berria jarriko dute martxan datorren ikasturtean eta espazio aldaketak egin behar izatea ekarri du horrek. Beheko eta lehenengo pisuak egokituko dituzte; paretak bota eta espazio zabalak egingo dituzte. Lan horiek egiten ekainaren bigarren hamabostaldian hasiko dira.
Zozketa
Botoak jasotzeko hamabost mahai egongo dira ekaineko hauteskundeetan Oñatin eta ikastolan egon ohi diren zazpiak, kiroldegian egongo dira. Beste mahaiak Olakua dorrean, Txiki Txokon, Elkar Hezin eta Errekaldeko eskola txikian egongo dira. Mahai horietan egongo diren herritarren zozketa asteburuan egingo dute eta datorren astean banatuko dituzte jakinarazpenak udaltzainek.
Posta bidezko botoa ekainaren 16ra arte eska daiteke eta kanpaina 10ean hasiko da. Kartelak jartzeko panelak, ohiko tokietan jarriko dituzte.