Atsedenaldira lau puntugatik irabazten joan da Natra, 23-27. Puntu gutxiko lehia izan da, oñatiarrei joan-etorriko partidua komeni bazitzaien ere, bizkaitarrek lortu baitute eurena ezartzea. Baina lehen 25 minutuetako defentsa onarekin, gauzak bide onetik zihoazen Judezen mutilentzat.
Asier de la Iglesiaren laugarren faltarekin, baina, hark kantxa utzi eta 12-0eko partzialarekin hamar puntu gora jarri da Mungia: Aloñakoek ez zuten erasoan asmatzen.
Laugarren laurdenean De la Iglesia itzuli eta taldeak igarri du: hirura gerturatu da Natra, baina bosgarren faltarekin hautsi da berriro lehia. Taldekideak saiatu dira –gehienak halako egoeretara ohitu gabeak–, baina ezin partidurik irabazi.
Goierri izango du Mungiak aurkari biharko finalean.