Enkore eta Lauroba taldeek kontzertua eskainiko dute Oñatiko gaztelekuan, zapatuan

Eneko Azurmendi 2016ko mai. 12a, 13:42
Enkore taldea, kontzertu batean.

Kontzertua gaueko 22:30etatik aurrera izango da, gaztelekuak berak antolatuta. Sarrerak momentuan bertan erosi ahalko dira soilik, bost eurotan.

Zapatuan Enkore eta Lauroba taldeen kontzertua egongo da Oñatiko gaztelekuan. Euskal Herri mailan ezagunak diren bi talde dira eta ibilbide esanguratsua dute, gainera.

Bata zein bestea disko berria aurkezteko bira egiten dabiltza eta biharko kontzertua ere horretarako baliatuko dute.

Talde bizkaitarra Enkor3 diskoa aurkezten dabil. "Izen horrek taldearen arima islatzen du, bi E horiek taldearen izena eta Errekalde (taldea Bilboko auzo hortakoa da) ordezkatzen dute. Betsalde 3. diskoa dela ere irudikatzen du, zenbakiaren itxura antzerakoa du eta", dio Xabi Hoo taldeko abeslariak.

Musika estiloari helduta, disko hau rockeroagoa eta dantzagarriagoa dela nabarmendu du eta azken diskoarekiko garapen musikal bat egon dela.

Lauroba taldeari dagokionez, IV izeneko diskoa da aurkezten dabilena. "Zenbaki horrekin hainbat kointzidentzia eman dira. Lau urte pasa dira azken diskoa aurkeztu genuenetik, gure laugarren diskoa da, lau estudiotan grabatu dugu eta urteko laugarren  hilabetean aurkeztu genuen diskoa, azaldu du Iker Lauroba taldeko ahots eta gitarra-joleak. Disko honek folk estiloa eta musika elektroniko modernoa uztartzen dituela dio Laurobak.


Bi taldeak gogotsu


"Inoiz ez dugu aukerarik izan Oñatin jotzeko eta, egia esan, animatuta eta pozik gaude". onartu du Enkore taldeko abeslariak. Gaineratu du herria bera ez dutela ezagutzen. "Urrun gelditzen zaigu Bilbotik", dio. Hala ere, aukera hau Oñati ezagutzeko baliatuko dutela aitortu du.

Laurobari dagokionez, duela urtebete inguru eskaini zuen kontzertua, gaztelekuan bertan, eta abeslariak dio "oso giro ona" egon zela bertan.

"Bi taldeak bateragarriak gara eta kontzertu polita izango da, seguru. Gainera, harreman ona daukagu beraiekin eta gau ederra izango da", azaldu du Iker Laurobak. Azkenik, gerturatzeko deia luzatu die herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak