Gaur, egubakoitza, Xabin Egaña artista oñatiarraren hainbat koadroz osatutako Frei, Free, Aske erakusketa irekiko dute, kultura etxean, 18:00etan.
Egaña hil zenetik 10 urte igaro direla eta, bere koadrilako lagunek omenaldi bat egin nahi izan diote, erakusketa hau jarrita. Bestalde, Agustin Goenaga antolatzaileetako batek nabarmendu du Egañaren pertsona ezagutaraztea ere gura izan dutela, herrian jende gutxik ezagutzen du eta.
Gaur hasi eta maiatzaren 22ra arte egongo da ikusgai erakusketa, 18:00etatik 20:00etara, jai egunak barne.
Bere ibilbidean zehar Egañak egin zituen 17 artelan handi eta beste zenbait marrazki txikik osatuko dute erakusketa.
Oso artista oparoa izan zen oñatiarra eta modu desberdinetako koadroak egin zituen bere bizitzan zehar, hainbat arte mota uztartuz: errealista, abstraktu geometrikoa, abstraktu organikoa, infografiak eta abar.
Gainera, espazio txiki batean, bere lagunek berari margotzen zebilen bitartean ateratako zenbait argazki ere egongo dira izkina batean.
Erakusketaren izenari dagokionez, bere izaera islatzen duela nabarmendu du Goenagak. "Alemaniako mugimenduan ezagutza sakona zuen Egañak eta hizkuntza ere menperatzen zuen. Ingelesa ere bazekien eta gainera, oso pertsona askea eta irekia zen", adierazi du.
Gariren omenaldia
Gaurko inaugurazioan, Gari musikariak pare bat abesti eskainiko dizkio artista oñatiarrari. Jo behar dituen abestien artean, elkarrekin konposatutako abesti bat ere eskainiko dio, lagun onak ziren eta. Modu akustikoan izango da kontzertutxo hori, 18:00etatik aurrera.