Urtero egiten du Ganbarak bazkideei zuzendutako kontzertu bat eta aurten ere egingo du. Aurtengoa, gainera, berezia izango da. Ganbara Txikiren kontzertua izango da eta kantu gehienetan bakarlariak entzungo dira.
Kontzertuan Benito Lertxundiren kantuak abestuko dituzte gaztetxoek, tartean, Nire herriko neskatxa maite, Bizkaia maite, Udazken koloretan edo Oi baldorba. Ganbara Txikiko 30 abeslarik parte hartuko dute kontzertuan eta Arrasate eta Bergarako 20 musikariz osatutako orkestra izango dute ondoan.
Elkarrekin
Ganbararen proiektua sendotzeko asmoz, Elkarrekin egitasmoa jarri zuen martxan abesbatzak 2013an. Egun, egitasmo honen bitartez, 92 bazkide ditu Ganbarak (azken urtean 23 bazkide berri lortu ditu), eta helburua da bost urtetan 150era iristea; Oñatiko Udala eta ULMA ohorezko bazkideak dira. Euren laguntasuna eskertzeko, eurei zuzendutako kontzertu bat egiten du Ganbarak San Migel parrokian. Aurtengoa maiatzaren 15ean izango da, 19:00etan, San Migel parrokian.
Hala ere ez da bazkideendako bakarrik antolatutako kontzertua izaten, herritar guztiendako baizik. Hala, bihar, martitzena, jarriko dituzte sarrerak salgai, zortzi eurotan, Txokolateixian. Kontzertu egunean parrokiaren sarreran ere eros ahal izango dira.
'Pinotxo'
Urteko balantzea ere egin dute Ganbarako Aitor Biainek eta Oihana Diazek. Ganbarak, esaterako, hamar kontzertu egin zituen 2015ean, eta beste zazpi ekintza ezberdinetan parte hartu zuen; nazioarteko lehiaketa batean hiru sari irabazi zituen. 2016rako, berriz, bederatzi ekitaldi egin edo lotu ditu eta udazkenean Burgosko lehiaketan parte hartuko du.
Ganbara Txikik ere hamar kontzertu eman zituen joan den urtean eta Altxorraren uhartea ikuskizunarekin musika DVD bat grabatu zuten. 2016rako 14 ekitaldi ditu lotuta; Argiaren Hotsa eta Arratoiak ikuskizunak egin ditu eta Pinotxo prestatzen ari dira orain.