Aurrekontuetan jasota dauden ur txorroten proiektua eta San Martin auzoko zuhaiztian korrika egiteko zirkuitua egiten hasteko eskatu dio EAJk Udal Gobernuari, zerbitzu biak erabilgarri egon daitezen datorren udan. “Gure aburuz, uda-garaiarekin lotura estua duten proiektuak dira eta herritarrek udan aterako die probetxu gehien bi proiektu horiei, horregatik, ahalik eta azkarren martxan jar ditzan eskatu diogu gobernuari udararako amaituak egon daitezen”, diote Marijo Etxegoien eta Ritxar Fernandez zinegotzi jeltzaleek EAJk bidalitako prentsa oharrean.
Ur txorroten inguruan, Etxegoienek proposatzen du erdiguneko jolastoki eguzkitsu batean kokatzea, plazako frontoi pareko jolas gunean edo Etxaluze parkean, adibidez. Aukeratutako parkea hiri-altzairuz hornitu daitekeela jasotzen du EAJren oharrak, "adibidez, eserlekuak jarriz".
San Martingo eremuari buruz, zuhaizti horretan korri egiteko zirkuitu iraunkorra egitearekin batera, gimnasia egiteko aparatuak jartzea ere proposatzen dute jeltzaleek. "espazioari etekin handiagoa atera nahi diogu eta herritarrei aisialdirako eta kirola egiteko aukera berriak eskaini nahi dizkiegu”, dio Fernandezek oharrean. Eta gaineratu du proiektuaren kostua bere gain har lezakeela udalak "arazorik gabe, kostua arrazoizkoa delako".