Aloña Mendiko gimnasia erritmikoko sailak 25 urte betetzen ditu aurten, eta bihar, zapatua, egingo du urteurreneko ekintza nagusia. Kiroldegian izan ordez, Santa Ana aretoan izango da, 17:15ean. "Ikuskizuna berezia izatea gura genuen, eta horrek tokia ere ezohikoa izatea eskatzen du", azaldu du Lide Osinaga entrenatzaileak.
Egun 4 eta 14 urte arteko 120 neskatila inguru dabiltza gimnasia erritmikoko taldean. Biharko ospakizunean, baina, gimnasta ohiek ere parte hartuko dute. "Ez da saio teknikoa izango. Dantzaren antza izango du. Musika ere ez da izango entrenamenduetan erabiltzen duguna, dantzarako musika izango da. Gainera, zuzeneko musika izango dugu, gurekin batera egongo dira-eta Jose de Azpiazu musika eskolako ikasleak", argitu du Osinagak.
Ekainean
Ordubete inguru iraungo du ekitaldiak eta argazki zaharrekin osatutako ikus-entzunezkoa ere botako dute. Atzo, eguena, egin zuten azken entsegua.
Ikasturtea bukatzear dagoenean egingo dute 25. urteurreneko ekitaldi nagusia. Kurtsoa ekainean egingo duten erakustaldiarekin bukatuko dute.