Aloña Mendi eta Anaitasunak indarrak neurtu dituzte gaur arratsaldean Azkoagainen. Ligako oilarretako bat izan dute aurkari oñatiarrek, baina garaipen borrokatua eskuratu dute.
Gogotsu ekin dio partiduari etxeko taldeak. Zortzigarren minutuan, eskumatik ateratako korner batean, baloia solte geratu area txikian, eta bikain baliatu du Joseba Irizarrek sareetara bidaltzeko. Gola sartu ondoren atzera pausua eman dute etxekoek, eta Anaitasunak hartu du partiduaren kontrola. Hala ere, talde bisitariak ez du gol aukerarik sortu lehen zatia amaitu bitartean.
Atsedenaldi ostean Anaitasuna izan da baloiaren jaun eta jabe. 70.minutuan epaileak bigarren txartel horia erakutsi dio Iñigo Markinez atzelariari. Erabaki polemikoa izan da, eta ikusleek euren haserrea erakutsi diote epaileari. Jokalari bat gehiagorekin talde azkoitiarrak estu hartu du etxeko taldea. Berdinketaren gola bilatzen aritu dira atsedenik gabe, baina Aloña Mendik emaitza eustea lortu du defentsan egindako lan txukunari esker. Sufrimendurik ez da falta izan, baina hiru puntuak Azkoagainen geratu dira azkenean.
Gainontzeko taldeen emaitzak
UDAk 3-3 berdindu zuen atzo Aurrera de Vitoriaren zelaian. Emaitza horrekin Aretxabaletako taldeak agur esan dio matematikoki 3. mailari.
Erregional mailan, Mondra eta Bergarak bigarren postua eskuratzeko lehia estuan jarraitzen dute asteburuan lortutako garaipenei esker. Arrasateko taldeak 0-1 irabazio dio Zumaiakori eta Bergarak 3-0 irabazi dio etxean Beasaini. Antzuolak aldiz, 0-3 galdu du etxean Zestoaren aurka.