Emozioz eta misterioz betetako amaiera izan du aurtengo Gipuzkoako klasikak. Antolatzaileek foto finisha erabili behar izan dute, eta zaila izan da erabakia hartzea.
30 taldetako 149 txirrindularik hartu dute parte aurtengo edizioan. Lasterketa Oñatira itzuli da, sei urte ondoren, Aloña Mendi Txirrindularitzaren 50. urteurrena ospatzeko. Giro aparta izan da Oñatiko kaleetan zehar, eguraldiak askorik lagundu ez duen arren.
Goizeko 10:30tan irten dira txirrindulariak Unibertsitate etorbidean kokatutako helmugatik. Laugarren kilometrora heldu orduko, ihesaldi saiakera egin dute Gravalesek eta Ulma taldeko Xabi Murgiondok, eta handik gutxira beste lau txirrindulari batu zaizkie. 12:00ak aldera, Oñatiko helmuga bigarrenez pasatzerakoan, ia minutu bateko aldea ateratzen zieten tropel nagusiari.
Oñatitik Aretxabaletarako bidean, tropelak aldea murriztea lortu du eta Untzillara heldu orduko iheslari taldearekin bat egin dute. Lasterketaren amaiera gerturatzeaz bat, Gravalosek azken ihesaldi saiakera egin du bost kilometroren faltan. Hasieran, bakarrik iritsiko zela zirudien, baina Asturias taldeko Eduardo Perez Landaluzek Gravalos harrapatzea lortu. Lehia bizian heldu dira bi txirrindulariak Oñatiko helmugara, eta foto finisha erabili behar izan dute antolatzaileek aurtengo irabazlea zein izan den ikusteko.
Hirugarren sailkatua Euskadi taldeko Oier Lazkano gasteiztarra izan da, eta lehen debagoiendarra Ulma taldeko Xabier Murgiondo. Seigarren postuan sailkatu da, irabazlearengandik hamar segundora. Bere taldekide Mikel Arregik denbora berdina egin du eta zortzigarren lekuan helmugaratu da. Taldekako irabazlea Euskadi taldea izan da, eta Mendiko irabazlea, talde bereko Oier Lazkano.