Muga Barik plataformak deituta hainbat lagun batu ziren Oñatiko Foruen plazan errefuxiatuek pairatzen duten egoera larria salatzeko. Lapiko, zartagin eta txistuen laguntzarekin elkarretaratze zaratatsua egin zuten "Ez dugu baimen beharrik pertsonak izateko" lelopean.
Gerratik ihesi doazen pertsonen giza eskubideen urraketa salatu nahi izan zuten eta inguruko instituzioei modu eraginkor batean babesa emateko eskatu zieten.
Ekintza solidarioak
Hotz Oñati taldeak Siriako errefuxiatuentzako janari bilketa egin zuen martxoan. Bertan 7.000 kilotik gora janari batu zituzten. Horietatik 6.500 kilo Greziara bidali zituzten eta 500 Calaisera. Hurrengo pausoa sendagai bilketa bat egitea izango da, hori baita errefuxiatuek duten beste beharretako bat. Eguzkirako kremak, zorrien aurkako produktuak eta bestelako sendagaiak lortzea izango da helburua eta horretarako Oñatiko farmaziekin ari dira harremanetan.