Dena prest dute astebete barru lehiatuko den Aloñako XII. igoerarako

Eneko Azurmendi 2016ko api. 22a, 09:01
Korrikalariak mendian gora, Aloñako gurutzera bidean (Argazkia: Aritz Gordo)

Maiatzaren 1ean izango da eta bi egun lehenago, egubakoitzean, Buetraitzeko lasterketa egingo dute. Pintxopotea, ibilbidea ezagutzeko martxa eta Aloña txiki-trail proba ere antolatu dituzte.

Dagoeneko ez dago lekurik izena emateko eta 318 lagun daude izena emanda aurtengo Aloñako igoerarako. 25 emakume arituko dira XII. edizioan. 91 oñatiarrek eman dute izena eta horietatik 7 dira emakumeak.

Irabazteko faboritoei dagokienez, gizonezkoetan bi dira izen nagusiak. Alde batetik, lasterketa hau lau aldiz irabazi duen Walter Bezerra eta, bestetik, Iban Letamendi oñatiarra. Azken hau   momentu onean iritsiko da lasterketara.

Emakumezkoetan, berriz, Nere Amilibia aiarra da faborito nagusia. Lehengo ibilbide motzarekin bi aldiz irabazi du lasterketa hau eta  ibilbide luze hau ere egokia da berarentzat, Iban Isasti antolatzaileetako batek adierazi moduan.

Bost anoa gune izango dituzte: Urtiagainen, Aloñan, Eskistan, Aginagara bidean eta zaldi tokian. Bukaeran ere izango dute bat.Bestalde, Buetraitzeko igoera bertikala egingo dute aurten bigarren aldiz. Gauez izango da, 22:00etan hasita.

64 lagunek eman dute izena lasterketa honetarako, horietako 14 oñatiarrak. Guztira 8 emakumek parte hartuko dute igoera honetan eta horietatik 3 izango dira bertakoak.

Gizonezkoetan Iñigo Lariz da faboritoa, orain dela bi urte berak irabazi zuen eta. Hala ere, Julen Aranguena gaztea ere maila onean dabilela adierazi du Isastik. Emakumezkoetan Aitziber Ibarbia izango da izen nagusia.

Eskerrak

Iban Isastik, antolakuntzaren izenean,  eskerrak eman nahi izan dizkie Arrikrutzeko Kobak eta Oñatiko Udalari, babesle izateagatik. Horrez gain, Gurutze Gorriaren laguntza ere goraipatu nahi izan du. "Hauei esker egin ahal izaten dugu lasterketa hau", nabarmendu du. Aurten herriko komertzio txikiek egin duten ekarpena era ez du ahaztu nahi izan.

Azkenik, herritarrei ikustera joan eta korrikalariei animoak emateko deia luzatu die Isastik.

Egitaraua

  • Apirilak 29, egubakoitza: 19:00etan pintxopotea Arantzazun, trikitilariez girotuta. 22:00etan Buetraitzeko igoera bertikala.
  • Apirilak 30, zapatua: 08:00etan Aloñako igoerako ibilbidea ezagutzeko martxa; 18:00tan kiroldegian Danilo Barzio (hamakaren sortzailea)-ren eskutik hitzaldia egongo dela K-STRETCH luzaketak egiteko hamakari buruz. Doan izango da.
  • Maiatzak 1, domeka: 09:00etan Aloñako igoera. 10:30ean Aloña Txiki-trail, haurrendako lasterketatxoa, plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak