Oñatiko Udaleko berdintasun sailak herritarrak gonbidatu gura ditu egubakoitzean Selma Huxley-k jasoko duen omenaldira. Sancti Spiritus unibertsitatean izango da, 19:00etan.
"Selma Huxley, una canadiense en Oñati: descubriendo las pesquerías vascas en Terra Nova (S.XVI) izeneko hitzaldia emango du bere semeak, Michael Barkham-ek.
Selma Huxley-k Oñatiko artxiboan dauden dokumentuak ikertuz jakin izan da euskaldunak eta itsasoa lotzen dituen historiaren zati handi bat. Esaterako, berak aurkitu zituen Oñatin XVI. mendean Kanadan hondoratu zen San Juan baleontzia euskaldunaren gaineko dokumentuak, egun Albaola itsas kultur faktorian egiten ari diren replikaren jatorrizko itsasontzia.
Oñatiko Udalak laster argitaratuko duen historia genero ikuspegitik ikerketa bekak Selma Huxley izena izango du. Bide batez, egubakoitzen omenaldia jasoko du Huxley-k, Euskal Herriko eta Kanadako historiaren ezagutzan eginiko lan izugarria eskertzeko.
Bisita gidatua
Domekan, bestalde, bisita gidatua egingo dute Oñatiko artxibora, hango arduradun Ramon Martinekin eta Jose Antonio Azpiazu historialariarekin. Joan gura duena aurrez eman behar du izena Oñatiko Turismo bulegoan: 943 78 34 53
Hitzaldia eta bisita gidatua Liburuaren Nazioarteko Egunari lotutako ekitaldiak dira eta Oñatiko Turismo bulegoak antolatu ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoarekin eta Oñatiko Udal Liburutegiarekin.