Gozategi taldeko Asier Gozategik eta Iñigo Goikoetxeak eskainitako ekitaldi honetan, taldeak 25 urtetan (1992. urtean sortu zen Gozategi) bizi izandako esperientziak kontatuko dituzte modu intimoan eta zenbait abestiren sorburuak ere azalduko dituzte, modu literarioan. Horrez gain, abestiak ere tartekatuko dituzte.
Lankuren laguntzarekin osatu dute lan hau eta gidoia Jon Agirresarobek prestatua da. Taldekideek diote maitasun handia jaso dutela plazaz plaza egindako ibilbidean, eta horrek eman diela hauspoa ikuskari hau lantzeko eta ontzeko.
Emanaldi berria da eta oraindik ezagutarazte prozesuan dago. Orion eskaini zuten lehen aldiz, martxoaren 18an eta biharkoa bigarren aldia izango da.
Sarrerak Oñatiko Ongi tabernan daude salgai nahi duenarentzat, 5 euroko prezioan. Horrez gain, gaztelekuko erabiltzaileak diren haurrek gaztelekuan bertan sarrera eskatuta, 2 euroren truke eskuratu ahal izango dute sarrera.