Atzeko kalea oinezkoendako egokitzeko lanak aurten egingo dira. Lanak atera dira lizitaziora eta proposamenak jaso eta aztertu ondoren esleituko dira. Asmoa da ekainean hasi eta irailean bukatzea lanak.
Hiru hilabete eta erdi izango ditu aukeratutako enpresak obrak egiteko. Iraupen hori eta kalea erdigunean dagoela kontuan hartuta, herriko bi jai nagusien artean egitea erabaki du udalak; hau da, Corpus jaien ostetik San Migel jaien hasierara. Aurten maiatzaren 29an ospatuko da Corpus eguna, eta, hala, lanak ekainaren hasieran hasiko dituzte, gutxi gorabehera.
Atzeko kaleko beheko aldea egokituko dute oinezkoendako fase honetan: Ramon Irizar kaleko kantoitik udaletxe osteraino. Baita beste bi kantoi ere: Ene Bada dendatik Atzeko kalera doana eta Kirrinenekoa. Lanak egin ostean, kalearen goiko zatiak duen itxura izango du bigarrenak ere. "Lurzorua eta espaloia parean egongo dira. Itxura bera izango du Atzeko kale osoak", adierazi du Irati Etxeberria zinegotziak.
Zehazten
Kalea oinezkoendako egokitzeko lanekin batera, azpiegitura lanak ere egingo dira; ur hornidura eta saneamendua berrituko dira, adibidez.
Proiektu honek zirkulazio aldaketak ekarriko ditu, bai lanak egiten ari diren bitartean, baita ondoren ere. Izan ere, gero, oinezkoek izango dute lehentasuna, eta horrek aldaketak ekarriko ditu kale horren erabileran. Honen inguruan berba egiteko lehen bilerak eginak dituzte udal ordezkariek eta udaltzaingoak. Izan ere, lanak bukatu ostean inguruko guneetan aparkatzeko txandakako sistema jartzeko aukera buruan darabil udalak. Zamalanen ordutegia, herritar guztiendako noiz egongo den zabalik eta gainerako orduetan nortzuek izango duten sartzeko aukera ere zehazteko dago.