Mikel Larrea lasterketako antolatzaileetako baten esanetan: "Pertsona askok eman dute izena lasterketan, eta, aurten hogeita bosgarren urteurrena izanda, erakusketa prestatu dugu. Lasterketa hasi zenetik gaur egunera arte izan diren babesleen jantzi ezberdinen erakusketa zintzilikatuko dugu plazan".
Ibilbidea Oñatin zehar
Irteera eta helmuga Oñatiko Foruen plazan kokatuko dira. Lehen zatian, bederatzi kilometro antxintxika egin beharko dituzte, herrian zeharreko ibilbideari bi itzuli eginda, eta hirugarren atala 4,5 kilometrokoa izango da, ibilbide berari itzuli bat emanda. Bi atal hauen artean, bizikleta saioa egin beharko dute parte hartzaileek: 18,3 kilometroko herri barneko ibilbide bati bi itzuli eman beharko dizkiote, GI-2630 errepidetik. Hau da, Zubillagako biribilgunetik Elorregira joan beharko dute txirrindulariek, eta hantxe, berriro Oñatirako buelta hartu beharko dute. Bizikletan egin beharreko tartea bete ondoren, berriro ere 4,5 kilometro korrika egin beharko dute, Foruen plazan kokatuta egongo den helmugara iristeko.
Herri barruko lasterketa
Duatloia Oñatin zehar joango da, errepide nagusira irten barik: "Duela bi urte Deskargatik egin genuen lasterketa, baina zirkulazio arazoak direla-eta aldatu beharra izan dugu. Gainera, beste proba bat dago Tolosan, eta bietako bati ibilbidea aldatu behar zaio errepide nagusira ez irteteko… askatasun handiagoa izango dugu", adierazi du Mikel Larreak. Hala ere, trafikoan ere eragina izango du lasterketak, eta Oñati-Elorregi noranzkoa itxita egongo da 16:00etatik 17:25etara eta Elorregi-Oñati, aldiz, 16:10etatik 17:35era.
Lasterketa 2016. urteko Euskal Herriko zirkuituko bosgarren proba puntuagarria izango da Euskadiko txapelketan, eta, gainera, Euskadiko duatloi motz txapelketa jokatuko da.
Dortsalen banaketa eta irteera
12:45etatik 15:00etara bitartean izango da dortsal banaketa, eta boxetarako sarrera 13:30etatik 15:15etara bitartean egin beharko da. Bestalde, emakumeen irteera 15:30ean izango da eta gizonezkoena, 15:45ean.
Eskerrak laguntzaileei
Antolakuntza taldeak eskerrak eman nahi dizkie boluntarioei beraien laguntzagatik. "Guztira, 70-80 pertsona inguru izango dira ibilbidean zehar laguntzen, eta hori eskertzekoa da.