Emakumeen eskubideak aldarrikatzeko azoka, musika eta festa asteburuan

Maider Arregi 2016ko mar. 10a, 13:12
Martxoaren 8an gaztetxoek klarionaz egindako murala

Martxoaren 8ko aldarrikapenek jarraipena izango dute. Hala, Emakumeen Egunaren bueltan, martxoaren 11n, egubakoitza, Las chicas de la lenceria filma izango da ikusgai Lagun Lekun (Eltzia), 17:30ean. Ondoren, solasaldia eta txokolatada izango da. Zapatuan, artisau azoka, bazkaria eta musika izango dira.

Artisau azoka

Zapatuan, Sare Feministak antolatuta, emakume artisauen azoka egingo da 10:00etan. Plazako kioskoaren atzealdean dagoen plazatxoan jarriko dute (eguraldi txarra eginez gero gaztelekuko Topalekuan). 16 artisau izango dira euren lanak erakusten: bitxiak, poltsak, larruzko edo artilezko artisau lanak... jarriko dituzte salgai eta ikusgai. 15:00etan Emakume Bazkaria egingo da gaztetxean eta 19:00etan, Puro Luegoren  kontzertua.


Mahai ingurua

Borroka feministaren bitartez gizartean izandako lorpenen gainean jardungo dute Anabel Sanzek (Feminis), Joana Etxanok (Mugarik Gabe) eta Rebeka Maestrok (Sare Feminista). "Nazioartean eta Euskal Herrian egun bizi dugun egoeraz eta emandako urratsez jardungo da solasaldian.  Nik, ikuspegi lokalaz jardungo dut", azaldu du Rebeka Maestrok. "Oñatin orain hiru-lau urte berriro jarri genuen abortuaren gaia mahai gainean. Izan ere, atzera pauso erraldoi horiei nola aurre egin behar izan genien azalduko dut mahai inguruan. Orain 30 urte Oñatiko emakumeen borroka nolakoa zen eta izan zituzten lorpenak ere ekarriko ditut". "Martxoak 8 aldarrikapenak egiteko eguna da. Berdintasunaz jardutea da mugimendu feminista zer den azaltzea eta honen lorpenak errekonozitzea. Asko dago egiteko; lorpenak prekarioak dira-eta. Gizarteak aitortu gabeko zorra dauka mugimendu feministarekin", dio Berdintasun teknikari Maitane Iribarrek.
Hitzaldiaren aurretik, Dantzan: logros feministas por el derecho a decidir dokumentala eskainiko dute. Martxoaren 16an Euskaldun Berria gelan, (Bidebarrietan) 19:00etan izango da.

 

'7 emakume 7 eredu' erakusketa

Emakumeen lana azpimarratu gura duen erakusketa gaurtik martxoaren 21era arte izango da ikusgai Kale Barriako zazpi dendetako erakusleihoetan. Elkar Hezi ikastetxeak landu duen hezkuntza proiektua da, ikasleekin egina. "Iragarki kanpainak egiteko emakume perfektuetara jotzen da. Guk estereotipo horiek baztertu nahi izan ditugu. Emakume perfektu horietatik at, emakume arrunten perfekzioa azaleratzeko kanpaina egin dugu", diote Elkar Heziko proiektuan parte hartu duten ikasleek. "Adin eta kultura ezberdinetako emakumeak bilatu nahi izan ditugu, guztiak Oñatin bizi direnak. Nahiz eta batzuetan kontatzeko ezer ez dugula pentsatu, guztiok dugu zerbait gure bizitzari buruz partekatzeko. Argazkietan emakume bakoitzari buruzko informazioa dago, hizkuntza erraz eta sinple batean idatzia, baina, errealitate hutsa islatzen duena", diote.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak