Oñatiko Udalaren mugikortasun planaren barruan sartzen da Eskolako Bidean proiektua eta herriaren ereduaz hausnartu gura du udalak umeek eguneroko joan-etorrietan izaten duten autonomia maila eta jasangarritasuna ardatz hartuta. Udalarekin batera herriko hiru ikastetxeek hartzen dute parte proiektu honetan baina ez da bakarrik umeendako. Udalak gura du jakin ume eta gaztetxoek espazio publikoa, bide-segurtasuna eta hirigintza nola bizi dituzten, txikienen bizipenak gizarte guztiarentzat onuragarri izan daitezkeelako, herrian hobekuntzak eta eraldaketak proposatzeko garaian.
Hala, gaztetxoak eskolara oinez, bizikleta edo patinetean doazenean, adibidez, bidean zer gustatzen zaien eta zer ez jakiteko argazki lehiaketa eta erakusketa antolatu dute. Ume bakoitzak bi argazki bidal ditzake oinatieskolabidea@gmail.com helbidera martxoaren 4a aurretik. Martxoaren 14tik 18ra ikusgai egongo dira argazkiak.
Egitasmo honen helburu nagusiak dira haur eta gaztetxoen ikuspegia ezagutzea, espazio publikoen balorazio bat izatea eta helduen jokabide batzuk azaleraztea (umeendako atseginak edo desatseginak direnak) eta jokabide horien gainean hausnarketa egitea.