Beste 13 artzain Gomiztegiko Eskolatik

Hamahiru ikaslek jaso dute artzain makila eta diploma: bederatzi gizonezkoak eta lau emakumezkoak. XIX. ikasturtearen amaiera ekitaldian "lehen sektorea gaztetzearen beharraz" egin dute berba.

Urrian hasitako ikastaroa gaur, eguaztena, bukatu dute Gomistegiko Artzain Eskolan. Ia 300 orduko teoria landu dute eta 50 buruko artaldea zainduk egin dituzte praktikak. Edukierari dagokionez, historiari eta artzaintza iraunkorraren orokortasunei lotutako gaiak landu dituzte: artaldearen elikadura eta maneiua, ugalketaren eta hautaketaren maneiua, marketina eta merkaturatzea, kudeaketa tekniko-ekonomikoa eta gaztaren, mamiaren eta zezinaren elaborazioa, besteak beste.

Bidane Baskaran, Manex Urrutia, Cristina Delgado, Mikel Argote, Arkaitz Baskaran, Garazi Etxeberria, Ricardo Garcia, Iñaki Ezeiza, Abel Goiburu, Amaia Laskurain, Asier Sagasta, Eneko Goiburu eta Jon Paularena dira artzain berriak.

Ikasturtearen amaiera ekitaldian hiru aldundietako ordezkariak, Oñatiko udaleko ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Industrien sailburuorde Bittor Orozek hartu du parte. Azken horrek l"ehen sektorea suspertzen eta modernizatzen ari den artzainen belaunaldi berriaren ahalegina" nabarmendu du.

Omenaldiak

Artzain berrieri makila eta diploma emateaz batera, bi omenaldi xume egin dituzte. Alde batetik, Artzain Eskolako ikasle izandako eta egun artzainak praktikan hartzen dituzten Jose Ramon Martinez eta Lourdes Menoyo omendu dituzte. Beste alde batetik, Artzain Eskolako bultzatzaile izandako Jose Maria Zeberiori eskerrak eman dizkiote.

Era berea, Nikolas Segurolak gogoan izan ditu Ramon Ugarte eta Gurutz Jausoro. "Eskolaren alde egindako lanarengatik eta babesarengaatik. Omenaldia jaso barik joan zaizkigu. Zaudeten lekuan zaudetela, eskerrik beroena bioi", esan du.

Datuak

Gomistegiko Artzain Eskolaren 19 urteko bilbideari buruzko hainbat datu eman dituzte: 254 pertsonek parte hartu dute, 27 urteko batez besteko adinarekin. Horietatik %70 EAEkoak dira, %13 Nafarroakoak, %10 atzerritik eta %8 beste erkidego batzuetatik. 

Zentrotik pasa diren ikasleetatik 137k artalde propioa dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.