17:50ean gertatu zen harrapaketa. Gidari batek autoaren kontrola galdu, bolante kolpe batzuk eman zituen, eta Eroskiko zebrabidea (Benediktarren elizako zebrabidea) gurutzatzen zebilen 43-44 urteko emakume bat harrapatu zuen. Oñatiko Udaltzainburuak jakinarazitakoaren arabera, ia-ia espaloira igota zegoela kolpatu zuen automobilak emakumea.
Gazteek geldiarazi
Gidariak, geratu eta emakumeari lagundu beharrean, aurrera segitu zuen. 70-80 bat urteko gizona zen, oñatiarra. Baina atzetik beste auto batean zihoazen gazte batzuek guztia ikusi eta 200 bat metro gorago, Zahor parean, autoa geldiarazi egin zuten, eta harik eta udaltzainak bertaratu ziren arte gizona bazter batean izan zuten, geldi.
Derrigorra geratzea
Polizia munizipalak halakoetan ohikoak diren tramiteak abiarazi zituen. Besteak beste, atestatua zabaldu eta gizona epaitegira eramango dute, istripu batean laguntza ez ematearren; "istripu arina bada ere, derrigorra da geratu eta laguntzea", esplikatu du Oñatiko udaltzainburuak. Gutxienez, isunak jarriko dizkiote hari.
Emakumea, berriz, ospitalean dago. Zauri arinak ditu, baina gorputz osoa minduta eta kolpatuta eta besteak beste, eskumuturra apurtuta eta hankan kolpe handia hartuta dago.