Lurpeko parkingetan egun dagoen sistemak arazo asko eman ditu eta horri irtenbidea bilatzeko aldatu du sistemaz udalak. "Sarritan eman ditu arazoak egungo sistemak, barrerak askotan egon dira goian. Konponbidea eman gura genion horri eta horixe da bi aparkaleku horietan TAO jartzeko arrazoia", argitu du Irati Etxeberria zinegotziak. Datorren hilabetetik aurrera, beraz, txartela jarri beharko zaie ibilgailuei lur azpiko aparkalekuetan.
Gertec enpresak zainduko dituen makinetan atera beharko dira. "Lehen bi orduak doan izango dira eta hirugarrenetik aurrera 0,02 euro izango da minutu bakoitzaren prezioa. Hala ere, makinan jarrita egongo da ordu bat, bi, bi eta erdi edo hiru ordu apartzeak ze kostu duen, erabiltzaileei kalkuluak errazteko", zehaztu du Etxeberriak. Egun bakoitzaren gehiegizko prezioa 15 euro izango da. Bestalde, udalak badu asmoa hileko bonu txartelak ateratzeko.
Txandakakoa
Mugikortasunari lotuta, udalak badu asmoa txandakako sistema jartzeko herriko hainbat kale eta gunetan. "Hori, baina, ikusteko dago oraindik. Martxoan hasiko den sistema hau proba izango da. Probak zenbat iraungo duen finkatzeko dago oraindik", gehitu du mugikortasun zinegotziak. Txandakako aparkatze sistema dena dela, ez da Atzeko Kalea oinezkoendako egokitu arte hasiko.