Oñatiko Udal Gobernuak jakinarazi du urritik aurrera udalak kudeatuko duela kale garbiketa zerbitzua. EAJk zerbitzua berriz ere lehiaketa publikora ateratzea proposatu du orain, Udal Gobernuak hartutako erabaki horrek "sortu dituen arazoei irtenbidea emateko".
Oñatiko EAJk dio bidali duen prentsa oharrean Udal Gobernuak hartutako erabakia politikoa dela eta egun udaletxerako lana egiten duten FCC enpresako langileek euren lanpostua galduko dutela, "udalak aterako dituen lanpostuetako azterketak eta sarrera probak gainditu ezean". Alderdi jeltzaleak gaineratu du lanpostu berrien eskakizunak gainditzeko "zailtasun handiak" izango dituztela egungo langileek, "eskatutako formazio, eskola-graduatu, euskara mailara moldatzeko eta azterketa gainditu ahal izateko prestakuntzarako ia astirik ez dutelako".
Oñatiko EAJren proposamena da "baldintza plegu zorrotz" batekin ateratzea berriro lehiaketa publikora zerbitzu hau. Modu honetan, udal gobernuak zorroztasunez exijitu ahal izango dio enpresa esleipendunari kalitate irizpide hoberenak betetzeko eta bere langileen lan baldintzak hoberenak bermatzeko". Prentsa oharrak Miren Elgarresta bozeramailearen hitzak ere jasotzen ditu eta, esaterako, kontratatzen diren enpresei egin beharreko jarraipenari buruz hauxe dio: “Hortaz, jarraipena behar bezala egiten bada, ez dago inolako arazorik kanpoko zerbitzuak kontratatzeko. Jarraipen hau zorroztasunez egiten ez denean sortzen dira arazoak, eta enpresa esleipendunari prebentziozko neurriak edo neurri disziplinatuak ezarri behar zaizkio”.