Ruben Saralegi errazkintarrak eta Jon Rekondo leitzarrak 2016ko Binakako Aizkora txapelketako finalerako txartela lortu zuten Oñatin. Lehia oso estua eta polita izan zuten nafarrek Juan Jose Azpilikuetak eta Joseba Otaegik eratutako bikotearen aurka, baina modalitate ezberdinak jorratu ondoren, azkenengo enbor ilaran gehiago izan ziren nafarrak.
Saralegik eta Rekondok, binakako Urrezko Aizkolariak txapelketako finala jokatuko dute Azpeitin, Atutxa II.aren eta Mugertza II.aren, eta Vicente eta O'Toolen aurka. Nafarrak ez dira faboritoak, baina ezustekoa emateko gogoekin joango dira.
Inaxio Perurena
Zubikoara hurbildu ziren oñatiarrek gustura jarraitu zuten aizkolarien lehia bizia, eta gainera Inaxio Perurenaren erakustaldi polita bertatik bertara ikusi ahal izan zuten.
Izan ere, Leitzako harrijasotzaileak 270 kiloko harria bigarrenean altxatzea lortu zuen. 200 kilokoarekin eta 250 kilokoarekin berotu ondoren, 270ekoari heldu zion, eta ezkerreko eskumuturrean mina nabaritu arren, bigarren saiakeran altxatzea lortu zuen
Hiru aste barru, 305 kiloko harriarekin saiakera egingo du Inaxio Perurenak, beti ere, ezkerreko eskumuturrean lesiorik ez badu.