Oiartzunek hobeto eta intentsitate handiagoz ekin dio Aratuste-domekako partiduari, eta horren ondorioz nagusi izan dira zelaian. Lehen zatiko 35. minutuan, Aloñako atezain Julen Agirrek huts egin du oiartzuarren area kanpoko jaurtiketa baten; atsedenaldira 0-1ekoarekin heldu dira.
Bigarrenean, parekatuago
Bigarren zatian oñatiarrak ondo hasi dira eta bazirudien berdinketa lortzeko gai izango zirela. Hala ere, bigarren zati horretako 15. minutuan, kontraeraso azkar bat gauzatuz, oiartzuarren aurrelariak jaurtiketa gurutzatu baten bidez 0 eta 2koa egin du. Ondorengo minutuetan hainbat aldaketa egin ditu Igor Serrano entrenatzaileak, baina taldea nahi eta ezin aritu da.
Gaurko porrot honekin urtarrilean Aloña Mendik izan duen bolada ona eten da. Hala ere, bolada ona eten izanari garrantzia kendu dio Serranok: "Ez zaio aparteko garrantziarik eman behar, horrelakoa da futbola. Gaurkoa galduta ere, azken zazpi partiduetatik bost irabazi ditugu". Merezitako garaipena oiartzuarrek lortutakoa.
UDAren berdinketa
Bestalde, Hirugarren Mailako Debagoieneko ordezkariak bina berdindu zuen atzo, zapatua, Zallaren aurka. Etxetik kanpo puntuak lortzea poztekoa bada ere, atzokoan Gorka Valleren mutilek zapore gazi-gozoa izango zuten, gutxienez. Izan ere, 0-2 jarri ziren aurretik markagailuan eta Zallak azken txanpan berdintzea lortu zuen. Aretxabaletak jaitsiera postuetan jarraitzen du, 22 punturekin.