Senior mailako taldeak iaz lorturiko txapela defendatzea zuen helburu, baina hutsune garrantzitsuak izan zituzten eta ezin izan zuten iazkoa errepikatu: "Alberto Revuelta lasterketan egon ez izana igarri egin genuen, zalantza barik. Eta, egia esan, besteok ondo jardun genuen, baina ez bikain. Aurreko egunetan ez zuen euri askorik egin, eta bazirudien ez zela lokatz askorik pilatuko. Baina ondoren, zirkuituko zona batzuk oso astun zeuden", adierazi du Yeray Varelak. Dena dela, nahiz eta iazko txapela defendatu ez, Oñatiko taldekoak pozik daude aurten ostera ere Espainiakoan izango direlako.
Aurreratu moduan, hutsune nabarmenak izan zituen taldeak, baina lokatz gainean lehiatu zirenek txukun jardun zuten: Imanol Cruz (17.), Yeray Varela (19.), Sergio Garcia (39.), Tasio Gomez (42.), Mikel Ugarte (83.), Jon Otermin (110.) eta Juan Señok (114.) egindako lanari esker lortu zuen taldeak txapeldunorde izatea.
Kadeteak Euskadiko txapeldun
Eguneko ezuste pozgarria, ostera, kadete mailako atletek eman zuten, talde oso indartsuak gainditu eta Euskadiko Txapelketa irabazi zuten eta. Eritz Campok, Beñat Guridik, Gexan Anduagak, Beñat Madinak, Ander Biainek, Aitor Monasteriok, Arkaitz Fraguak eta Jon Señok osatu zuten taldea.