Ekintzak zehaztu arren, datak erabakitzeko daudela adierazi du elkarteko presidenteak, Juan Carlos Aranburuk: "Adostu dugu ikastaroak egingo ditugula, Txanda Eguna ospatuko dugula, outleta egingo dugula eta Errege Kabalgata antolatuko dugula berriro, esaterako. Hala ere, noiz egingo ditugun ez dugu zehaztu. Gainera, ideia berriak ere egon daitezke eta horiek sortu ahalaz joango gara egutegia finkatzen".
Outlet-a da, oraingoz, data duen ekintza bakarra: otsailaren amaieran edo martxoaren hasieran egingo dute. "Bailarako gainerako herrietan ere egiten dute ekintza hori eta noiz egingo duten jakin gura dugu, denak egun berdinetan egin ez daitezen", argitu du Aranburuk.
Bestalde, zuzendaritzako kide berriak ere izendatu zituzten atzoko bileran. Zortzi lagun daude Txandako zuzendaritzan eta datorren astean egingo duten bileran zehaztuko dituzte karguak.