Argiaren egun bateko ibilbidearen kontakizun poetiko-musikala da Argiaren hotsa. Andoni Salamero olerkariaren testuetan oinarrituta eta Aitor Biainen zuzendaritzarekin, Ganbara Txikikoen eta nagusien ahotsekin batera, argiztapen diseinu zoragarriak hartu zuen protagonismoa parrokian, elizako hormak kolorez eta argiz piztuta, ikusleen harridurarako.
Poesia, musika eta argiztapena eskutik, gozatua hartuta, sarrerak aspalditik agortu zituzten 500 ikusle baino gehiagok bete zuten parrokia eta txaloen hots beroekin eskertu zieten musikariei, abesbatzako kideei eta baita antolakuntzan ibili diren gurasoei egindako lan ederra.
Ezer izatekotan, luxuzkoa izan zen atzo gaueko ikuskizuna, parrokia osoa baliatu baitzuten Salameroren kontakizun ederra irudikatzeko. Aldaretik hasi eta koro azpira arte argi eta soinu kutxa bihurtu zen parrokia. Ikuskizun, txiki, eder eta berezi bezain hunkigarria izan zen.