Nibologia eta elur jauzietan nola jokatu behar den erakutsiko duten ikastaroa antolatu du Aloña Mendik otsailaren lehen astebururako. Nibologia eta elur jauzien gaineko saio teoriko eta praktikoa izango da eta bertan, elur-jauziak sortzen dituzten mekanismoak ezagutu, arrisku horien aurrean nola jokatu, elur jauziek harrapatutako biktimak aurkitzeko pausuak ezagutu, ARVAren erabilera eta era horretako bestelako kontzeptu gehiago ikasteko aukera izango da
Ikastaroak hiru egun iraungo ditu. Otsailaren 5ean Aloña Mendiko egoitzan saio teorikoa emango da eta otsailaren 6 eta 7an berriz, saio praktikoak egingo dituzte Gabarditon (Hecho bailaran). Ikastaroak 100 euroko kostua du eta prezio horren barruan sartzen da ikastaroa bera eta aterpetxeko pentsio erdiko egonaldia.
Ikastaroko plazak mugatuak dira eta urtarrilaren 27a da azken izena emateko. Aloña Mendiko mendi sailarekin harremanetan jarrita eman behar da izena. Horretarako bideak dira: alonamendi.mendi@gmail.com helbidera mezua bidalita edo asteazkenetan Aloña Mendiko bulegoetara joanda, 19:30etik 21:00etara.