Bost urtetan elkarrekin lan egin barik egon ostean, Jon Gerediaga idazlearen eta lagunaren atea jo zuen Lipusek, azalean bizi izan duen istorioa idazteko eskatuaz. Maika Etxekopar, Kristiane Etxaluz eta Javier Barandiaran aktoreak aukeratu zituen, gero, pertsonaiei bizia emateko.
Burokraziarekin borrokan
Afrikan egonaldia egin ostean etxera itzuli da Maddi neska euskalduna. Mamadou afrikarra maite du eta Euskal Herrira ekarri gura du. Familiakoek laguntzeko prestutasuna erakutsi diote hasieratik. Ahalegin horretan gogor egingo dute guztiek lan Administrazioak eskatutako paper guztiak lortzeko. Urteetako esfortzuak, baina, fruituak baino gehiago, nekea eta familiako kideen arteko tirabirak sortuko ditu. "Burokraziaren aurrean familiaren eromen prozesua transmititu gura izan dugu. Askotariko publikoarentzako antzezlan irekia da. Erraz ikustekoa", dio Javier Barandiaran aktoreak. Biharko Puntua aldizkarian irakur daiteke erreportaje zabalagoa.
Oñatin eta Arrasaten ikusgai
Santa Ana antzokian egingo dute etzi, domeka, 19:30ean. Sarrerak hamar eurotan eskura daitezke leihatilan eta on-line, Bibe.me atarian. Otsailaren 21ean, berriz, Arrasateko Amaia antzokira eroango dute. Arrasate.eus atarian eta antzokian eros daitezke sarrerak. Horiek ere, hamar eurotan.