Argazkiak ateratzeko zaletasuna izan du beti Joxe Urtzelai Kortabarriak eta argazki asko atera ditu. Horietako gehienak, baina, herriko baserriei atera dizkie. Orain udal artxiboan jarriko dituzte erabilgarri, edozein herritarrek ikus ditzan.
Udalak behin baino gehiagotan erabili ditu Joxe Urtzelaik baserriei ateratako argazkiak argitalpen baterako edo besterako. Baserrien argazki bilduma, gainera, digitalizatuta dauka udalak. "Lan hori eginda dago eta egia da berak inoiz ez digula inolako oztoporik jarri argazkiak erabiltzeko eta orain, akordio honekin, argazkiak herritarren eskura jartzea gura ditugu. Beste argazkiekin bezala, aurrerantzean herritarrak gure kontsulta gunean bila ditzake argazki hauek eta erabili gura baldin baditu dagokion tasa ordaindu beharko du, egileari beti baimena eskatzen ibili gabe", dio Izar Salaberrik, Oñatiko udaleko artxiboko arduradunak.
Salaberrik azaldu duen bezala, herriko baserrien 800 argazki bilduma jasoko du udal artxiboak. "Argazki denak, gainera, baserrien izenekin eta argazkia ateratako datekin daude eta informazio hori ere oso baliotsua da", dio Salaberrik.
Domeka goizetan
Duela 40 urte inguru hasi zen Migeleneko Joxe Urtzelai argazkiak ateratzen. "Nire anaia Ameriketatik etorri zenean argazki kamera ekarri zuen. Asko gustatu zitzaidan eta lehen argazkiak harekin atera nituen. Gerora izan ditut neuk erositako kamera gehiago", du gogoan Urtzelaik. Atera asko atera arren, gehienak, baserriei ateratakoak direla ere aipatu du. "Gustatu egiten zaizkit baserriak eta gustura ibili izan naiz herriko etxaldeak erretratatzen. Domeka goizetan joaten nintzen auzo batera edo bestera baserriei argazkiak ateratzera. Horietako batzuk jausita daude eta beste asko eraberrituta".
Teknika bere kasa ikasi du Urtzelaik. "Errebelatzeko, baina, Jabier Arriaranen laguntza izaten nuen. Hari ere asko gustatzen zaio argazkilaritza", dio. Zaletasun hori dute Urtzelaik eta Arriaranek. Azken horrek, gainera, udaletxean lana egin izan du eta onartu du askotan erabili dituztela Urtzelairen argazkiak. "Harreman handia izan dugu beti", dio Arriaranek.
Urtarrilean
Hain zuzen ere Jabier Arriaranek berak egin ditu orain udalaren eta argazkien egilearen arteko zubi lanak. "Badakigu bere argazki funtsa handiagoa dela, bilduma bat baino ez dugu artxibora ekarriko. Berak ondo hartu du proposamena eta orain ere ez du inolako oztoporik jarri. Hilabete honetan bertan gauzatuko da, ofizialki, akordioa", dio udal artxiboko arduradunak.