Maila igotzea helburua duen Basauri eta Euskadiko Txapelketan lehen denboraldia duen Izarraitz Aloña Mendi aurrez aurre. Helburu ezberdina duten taldeak, baina 21 punturekin, lehen postuetan berdinduta daudenak. Bada, maila eta parekotasun horren lekuko izan dira Zubikoan batutako ehunka zaleek. Partidu itzela, ikusgarria, borrokatua, gogorra, borobila... jokatu dute, biek ala biek. Baina batez ere, parekatua. Hori erakutsi du markagailuak. 3-2, 5-5, 7-7, 8-9, 11-11 eta 15-14. Azken hori, atsedeneko emaitza.
Bigarren zatian hiru zati nabarmendu behar dira: lehen hamar minutuetan (40. minutura arte) oñatiarrek agindu dute markagailuan. Tarte horretan epaileek bi aldiz egotzi dute Andoni Bernal, baina etxekoak 18-16 aurretzeko gai izan dira.
40. minututik 55. minutura arte , bizkaitarrak izan dira protagonista. Atezainaren geldiketei esker, eta batez ere, Adrian Santiago jokalariaren golei esker, buelta eman diote markagailuaari. Berdindu ez ezik (21-21) aurretik ere ipini dira: 25-27, 55. minutuan.
Erasoko falta
Azken bost minutuak ikusgarriak izan dira. Lehia, tentsioa eta protestak, eta baita, gol erabakigarriak ere. 26-28 egon dira aurretik bizkaitarrak lehia bukatzeko minutu eta erdi geratzen zirenean. Bernalek murriztu du aldea 27. gola sartuta. Minutu bat lehia bukatzeko eta Basauri erasoan. Baloia mugitu ostean, erasoko falta adierazi du epaileak eta baloiaren jabetza berreskuratu du Aloñak. Eraso landu batean, Bernalek gola sartu du, markagailuan berdinketa ezarriz.
Azken 15 segundoetan Basaurik izan du baloia eta falta jaurtiketa lortu du hiru segundoren faltan. Adrian Santiagok ez du hutsik egin eta baloia hanka artetik sartu dio Kepa atezainari. Pozarren ospatu dute bizkaitarrek, horrenbeste sufritutako garaipena.