Kale garbiketa zerbitzua Udalak hartuko du urritik

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko urt. 8a, 09:54
Langileak protesta kartelarekin abenduaren 29an.

ELAk protesta adierazteko kale agerraldia deitu du hurrengo eguenerako; urtarrilaren 14an, 18:30ean Foruen plazan. Hamar lagunek egiten dute lana herriko kaleak garbitzen; ELAK subrogazioa eskatzen du eta udalak lanpostuen eskaintza publikoa egingo du.

Abenduaren 17ko osoko bilkuran eman zuen jakitera alkateak egun FCCren esku dagoen kale garbiketa zerbitzua Udalak kudeatuko duela urritik aurrera. Hurrengo egunean erabaki horren aurkako pankartak agertu ziren herrian eta egun lan hori egiten duten hamar langileetako bederatziren izenak jasotzen dituen orriak ere atera ditu ELAk Gabonetan. Orain, elkarretaratzea deitu dute hilaren 14rako. Foruen plazan izango da, 18:30ean. "Gu  ez gara sartzen erabaki politiko horretan, baina langileak babestuko eta defendatuko ditugu. Subrogazioa eskatzen dugu", dio ELA sindikatuko Ane Romerok.

Romeroren esanetan, ekainean izan zuten erabaki horren berri eta alkatearekin behin baino gehiagotan berba egin dute, "baina, abenduko bilerara arte, beti subrogazioari begira. Orduan jakin genuen plaza publikoak atera gura dituztela".

Hamar lanpostu

Mikel Biain alkatearen esanetan zerbitzua Udalaren esku egonda "eraginkorragoa" izango da. "Baliabide materialak eta pertsonalak gehitu egingo dira eta emango den zerbitzua hobea izango da", zehaztu du alkateak. Lanpostuei buruz, adierazi du lan jardun osoko hamar lanpostu eskainiko dituela Udalak, horietako bat urritasuna duen pertsona batendako izango delarik. "Edonor aurkeztu ahal izango da izaera laborala izango duten lanpostu horietara, baita egungo kale garbitzaileak ere. Gainera, Udala prest dago malgutasunez jokatzeko, bete beharrak zehazterako orduan, esaterako", azaldu du Biainek.

Alderdi jeltzalearendako, berriz, zerbitzu hori Udalaren esku egoteak gastua areagotu egingo du. "Gastu arruntean jaitsiera egongo da, bai, baina pertsonal sailekoa handitu egingo da. Atal batetik bestera pasako da gastua", adierazi zuen jeltzaleen udal bozeramaileak, Miren Elgarrestak, abenduko osoko bilkuran. Mikel Biainentzat, ordea, ez du gastua gehituko. "Kapitulu aldaketa ekarriko du baina gastua ez da handiagoa izango. Kostua, gainera, antzerakoa izango da".

FCCrekin kontratua etetea eta zerbitzua Udalaren esku uztearen erabakia urtarrileko osoko bilkuran hartuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak