Edozelan ere, hamabostaldi horren baitan, ekintza desberdinak egin dituzte egun hauetan Siriako egoera ezagutarazteko asmoz: ipuin-kontaketak, komikiak, eta Walls filmaren aurkezpena, besteak beste.
Askotariko tailer eta postuak
Gobernuz kanpoko hainbat erakunderen postuak izango dira biharko azokan; 18 inguru. Euren erakundeetan egiten dutena erakutsiko dute eta hainbat produktu jarriko dituzte salgai: artisautza, bidezko merkataritzako produktuak, elastikoak, bitxiak… Horretaz gainera, ikasle, irakasle eta gurasoek egindako gozogintza eta bitxigintza postuak ere egongo dira, eta, urtero bezala, txosna jarriko dute sagardoarekin, txorizoarekin eta saldarekin. Aipatzekoa da, aurten ere batxilergoko 2. mailako ikasleak ibili direla azokako antolakuntza lanetan, eskolako kultura prozesuarekin batera elkarlanean.
Ikastetxe kanpoko postuak ere jarriko dituzte. Esaterako, Acesmak eta Gurutze Gorriak jostailu bilketa egingo dute eta azken horrek ere, berpizte kardiopulmonarreko tailerra eskainiko du, 12:30ean hasita. Bestalde, hamabostaldiaren gaia kontuan izanda, errefuxiatuen inguruko erakusketa egongo da, eta, Eskola Agenda 21ak antolatuta, Clown ikuskizuna –3 eta 9 urte arteko haurrei zuzendutako ipuin-kontaketa– eta mugikortasun eta osasun tailerra. Tailer horretan ibilalditxoa egingo dute, 11:30ean hasita, ordubetez. Aurpegi margotze tailerra ere egongo da.
Olentzeroren bisita
Horrekin batera, datorren eguaztenean, hilaren 23an, Olentzeroren jaia ospatuko dute Elkar Hezin: Olentzero joango da Haurtzaindegira, Haur Hezkuntzara eta Lehen Hezkuntzara, eta neska-mutikoek abestiak, marrazkiak eta eskutitzak eskainiko dizkiote ikazkinari.