Meza izan dute lehenengo eta ondoren bazkaltzeko elkartu dira. Egoiliarrak pozik ziren senideen inguruan, eta seme-alabak, ilobak, anai-arrebak edo lagunak ere gustura, etxekoak pozik ikusita. Jantokiak 150 bat lagun hartu ditu, eta beste 50en bat gelatan geratu dira ezintasunen ondrioz. "Urteroko ekitaldia da, baina beti izaten da nobedaderen bat; batzuk dagoeneko ez daude, beste batzuk berriak dira egoitzan… Batzuek lorik ere ez dute egin gauean bazkari honekin pentsatzen", zioen egoitzako arduradun den Mirarik, eta gaineratu du: "Bazkalostean dantzan ere egin gurako dute askok".
Ekitaldiak datorren aste guztian
Ospakizunak, baina, hasi besterik ez dituzte egin. Hala, astelehenean, abenduak 7, bolo txapelketa izango dute eta ondoren, gaztaina erre jana. Eguaztenean, Oñatz dantza taldeko neska-mutikoek erakustaldia eskainiko diete, eta eguenean, egun guztiko egitaraua dute: goizean, bingo saio berezia, eta arratsaldean, musika eskolako ikasleen emanaldia.
Egubakoitzean, ostera, Oñati Abesbatzaren kontzertua izango dute 19:00etan, eta afari-merienda gero, kantuek girotuta. Abenduaren 13an, domekan, bukatuko dute Nagusien Astea musika bandaren emanaldiarekin.