Ikusmin handia zegoen Benito Lertxundik atzo Oñatin eman zuen kontzerturako; horren erakusle da aurrez salgai jarri ziren sarrera guztiak aspaldi agortu zirela. Zubikoa kiroldegiko kantxan izan zen kontzertua, eta goraino bete zen berau. Ikusleen artean, gainera, denetarik zegoen, baita familia bereko hiru belaunaldi ere.
Normalena bezala, hainbat musikarik lagunduta egon zen Lertxundi agertoki gainean. Abestiren baten, gainera, Oriokoak barik,Olatz Zugastik eta Intza Unanue gazteak kantatu zuten. Eta abestutakoen artean, ez ziren falta izan dagoeneko euskal musikaren historiako parte diren Baldorba, Udazken Koloretan eta Bizkaia maite moduko kantuak. Ezagunenetan gainera, publikoa ere animatu zen abestera.