"Musika azkarra, indartsua eta letra zuzenak, hori da Antihumano" dio Elortzak eta zera gaineratu du Korkostegik: "Orain arte egin dugun musikarekin zerikusirik ez du. Erritmo lasaiagoetara jotzen dute askok, guk, berriz, alderantzizkoa egin dugu".
Zazpi kantuko bilduma
Hitzek, ezer gutxi dute arlo sentimentaletik, kritika egitea dute helburu sortu dituzten euskarazko zazpi kantuek.
Errokaldeko entsegu-lokaletan grabatu zituzten, bi etapatan, Iñaki Zubiarekin eta Ander Berasaluze soinu teknikariekin; Donostiako Dr Master estudioan masterizatu zuen gero, Estanis Elortzak. "Hiru kantu grabatu eta Bandcamp-en eskegi genituen. Kontzertu batzuk egin eta beste lau kantu grabatu genituen gero; horiekin osatu dugu bihar aurkeztuko dugun CDa. Pako tabernan eta kontzertuetan salduko dugu, bost eurotan. Durangoko Azokan ere izango da, Musikazuzenean standean eta, bestela, antihumanohc@gmail.com helbidera idatzi eta egin eskaera".
Argi dago, Antihumano taldea emankorra dela, beste zazpi dituzte-eta laberatzeko prest!